No sabemos euskera, ¿cómo ayudar a nuestros hijos e hijas para que sean bilingües?

Euskaraz ez dakiten gurasoentzako hitzaldiak

Nori zuzendua:

Beraien seme-alabek Haur Hezkuntzan edota Lehen Hezkuntzan ikasten duten guraso erdaldunei.

Helburuak:

Euskaraz ez dakiten gurasoek hainbat kezka izaten dituzte elebitasunaren inguruan eta seme-alaben ikaste prozesuaren inguruan. Kezka zehatz horiek erantzutea izaten da hitzaldi hauen helburu nagusia.

Edukiak:

Seme-alabak elebidun izatearen aldeko proposamena egiten da hitzaldian, eta horri begirako oinarri batzuk ematen dira: Nola ikasten dira hizkuntzak? Zeintzuk dira ikastetxearen mugak? Zer hartu behar genuke kontuan?

Horrekin batera, gurasoen hainbat kezka erantzuten dira, egoera zehatzekin lotutako galderak eta kezkak. Besteak beste:

  • Ez dut euskaraz ondo hitz egiten, erabili behar al dut nire seme-alabekin?
  • Nola lagundu eskolako lanekin euskaraz ez baldin badakigu?
  • Etorkizunean gaztelaniaz ikasi beharko balute, izango al dute arazorik?
  • Gure alabak ikasketekin zailtasunak ditu, elebitasunaren eraginez izango al da?
  • Nire semeak bi hizkuntzak nahasten ditu, zer egin behar dut horren aurrean?
  • Ama hizkuntzan eragin negatiborik izango al du eskolan nagusiki beste hizkuntza batean ikasteak?
  • ...

Hitzaldi hau Ume elebidunen gurasoentzako gidan oinarritzen da. Gida hori Alkarbidek (Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak) eta Bizkaiko hainbat udalerrik argitaratu zuten 2006an. Hitzaldi hauek ere erakunde horien bidez sortu ziren.

Ezaugarriak:

Ordu eta laurden inguruko hitzaldia da.

Hizlariak Iñaki Eizmendi eta Julio Ibarra dira. Bi aukera daude: hitzaldia biek ematekoa edo Iñaki Eizmendik soilik ematekoa.

Saioak eskatzen dituen erakundeari, ikastetxean, herrian edo esku-aldean deialdia egin ahal izateko, esku-orri eta kartel ereduak eskaintzen dizkio ebetek.. Formatu digitalean ematen dira eta erakundeek moldaketak egin ditzakete (hitzaldia egingo den lekua jarri, erakundearen logoa sartu...) eta ondoren inprimatu eta zabaldu.

Informazio gehiago eta kontratazioak:

Hitzaldiei buruzko informazio zehatza eta aurrekontua nahi izanez gero, info@ebete.org helbidera mezu bat bidali edo 660245539 telefonora deitu.