Zeintzuk dira ebeteren helburuak?


ebete, erabileraren ontzia bete.

Euskararen erabileran eragiteko baliabideak eta tresnak frogatzeko eta garatzeko helburuarekin sortu nuen ebete. Euskararen erabilera sustatzen aritzen diren eragileei tresna praktikoak eta eraginkorrak eskaintzea da ebeteren helburua.

Horri begira, batez ere formazio eta informazio saioak egiten ditut, baina beste hainbat proiektutan ere parte hartzen dut.

Baliabide eta tresnak praktikoak lantzea da helburua, eta horiek eragileei aurkeztea eta frogatzera gonbidatzea. Horretarako, azken urteetan agertzen ari diren azterketak eta ikerketak oinarri hartu eta horiek eguneroko errealitatera egokitzeko ahalegina egiten dut.

ebete sortu nuenetik, bi arlo nagusitan ari naiz lanean: irakasleak eta gurasoak.

Irakasleekin hainbat formazio ikastaro egin ditut azken bi urteetan: Mungiako Legarda ikastetxean, Bilboko Garcia Rivero ikastetxean, Barakaldoko Alkartu ikastolan, Bilboko El Ave Maria ikastetxean, Iruñako Jaso ikastolan, Andoaingo La Salle ikastetxean, eta abar.

Gurasoentzako saioak, berriz, Euskal Herriko herri eta ikastetxe askotan eman ditugu: Zangotzatik hasi eta Artziniegaraino, Lapuebla de Labarkatik hasi eta Bermeoraino edo Vianatik hasi eta Iruneraino.

Gainera, erabilerari begirako tresnak garatzea helburu zuten beste proiektu batzuetan ere aritu naiz: Euskararen plana garatzeko aholkularitza Bilboko Karmelo ikastolan, ikasleen hizkuntza jarreretan eragiteko programa garatzen laguntzea Debagoienako Arizmendi ikastolan, elkarteetako hizkuntza normalizazio planetan eragiteko metodologia garatzea Topagunea Euskara Elkarteen federazioaren eskariz, eta abar.

Hurrengo urteetan norabide berean lanean jarraitzea aurreikusten dut. Euskararen erabileran eragiteko baliabide eta tresna zehatzak eta eraginkorrak garatzeko bideak eta aukerak asko dira oraindik, eta horiek gizarteratzeko eta interesa eduki dezaketen eragile guztien eskura jartzeko ahalegina ere egiten jarraitzeko asmoa dut.